Behartutako konfinamendu egun hauek eman didate aukera, “txango birtual” batzuk egiteko, ez dagoenean besterik, konformatu behar. Normalean, marrazkiak egiten ditut argazkiak erabiliz, bidaietan, oporretan e.a. ateratakoak dira. Egun hauetan ezinezkoa denez, beste tresna ezin hobea aurkitu dut, Google Street View.
2014ko udan eta 2016ko gabonetan Londres bisitatu genuen famili osoak eta bietan inguru berdinean egon ginen alojatuta, lehenengo Hammersmith auzoan eta hurrengoan Putney Bridgen. Auzo hauek, pizka bat gehiago ezagutzeko gogoa nuen eta marrazki batzuk egiteko aukera izan dut.
Jarraian, ikusgai daukazue, Londresko hegomendebaldeko, Putney eta Chiswickeko irudi batzuk.
Chiswick auzoa, lehen herria, bere ondoko Kew eta Richmonden antzera, Londresko aristokratek beraien landa-etxeen (George, Victoria eta Eduardoren estilokoak) eta zuhaitz eta parkez inguratutako, kokalekua izan zen, Tamesisaren ibarrean.
Bestalde, Putney, Wandsworth herriko auzo bat da. Ezaguna da, bertan ospatzen delako urtero, Oxford eta Cambridgen arteko arraun desafioa. Auzoko pertsonai ezagunen artean, Erresuma Batuko, agintari laborista eta lehen ministroa 1945 eta 1951 artean, Clement Attlee da. Bere agintaldian “estado del bienestar” delakoa martxan jarri zen, hainbat sektore estrategikoak nazionalizatu, eta bere osasun ministroa, Aneurin Bevanek NHS (Osasun Zerbitzu Nazionala), gaur egun denon ahotan dabilena, sortu zuen. Bestalde Palestinatik alde egin zuten Indiari independentzia eman zitzaion. Ezaguna da baita, Clement Attlee izan zela, Jose Maria Arizmendiarrieta, “Mondragon esperientzia kooperatiboaren” ideologo eta sortzailearen inspiratzaile handienetako bat.
Baina, joan gaitezen harira! Jarraian doaz azalpen txiki batzuk lan prozesuari buruzkoak. Motiboaren argazki bat atera ondoren, hasieran marrazki guztia, lehenengo arkatzez eta ondoren rotuladorez perfilatzen dut. Bigarren zatian kolorea ematen diot akuarela erabiliz.
Egia esan kuadernoei buruz, nahiko fidela naiz Moleskine, marka italiarrarri, baina hasia naiz beste material batzuk erabiltzen.
Ondoren, tresna eta materialen fitxa tekniko moduko bat, erabilgarria izango delakoan.
- Kuadernoa Stillman & Birn, Zeta Seriea (20,3 x 24,4 zm) 270 gr White-smouth
- Borragoma
- Koh I Noor – Hardtmuth, 3H arkatza
- Sakura micron 005, sepia rotuladore kalibratua
- Sakura eta Pentel pintzel japoniarrak
- Van Gogh eta Winsor & Newton, akuarela kajak
- Lanaldia: 45’ marrazketa, 90’ akuarela